Gau giro bikaina Arrasateko gaztetxean. Plazer bat izan da ANGER, SERMONDS eta IHESKIDE-rekin batera aritzea. Eta nola ez MUSIKA ZUZENEAN moduko ekimenei bultzada bat ematea.
Mondra, mondra, mondra, when uuu……!!!!
MUSIKAZUZENEAN HIRU URTEZ
Pasaden larunbatean Musikazuzenean atari digitalaren festa burutu genuen Arrasateko gaztetxean. Bertan, sarean daramatzagun hiru urteak ospatu genituen. Lagunartean, eta zuzeneko musikaz. Nola bestela?
Hiru urte labur, eta era berean luze hauetan, ugariak izan dira bidean egin ditugun lagunak. Musikazaleak, gaztetxeetako kideak, musikariak…. Milaka bolo, ehundaka garito, dozenaka herri…. Badira ordea, leku bereziak guretzako, eta horietako bat, Arrasate da. Eta bertako gaztetxea. Euskal Herriko musika istorioan ezinbesteko herria da Arrasate. 80. hamarkadako Arrasate punketik, gaur egungo Arrasate elektronikora, zuzeneko musika bizirik iraun da Arrasaten. Gaztetxea, Depositoko entsegu lokalak, jaialdi ezberdinak edota tabernak lortu dute zuzeneko musika bizirik irautea. Beraz, plazerra eta ohorea da bertan izatea. Bertako parte izatea.
Anger
Gaueko hamar t’erdiak aldera abiatu zen jaialdia. Anger taldeak hartu zuen oholtza gauari lehen akordeak jarriaz. Etxean jokatzen zuen taldeak. Ederki ezagutzen dute gaztetxea, eta erraz moldatu ziren taula gainean. Azken garaiko kantu zerrenda eskaini zuten, ‘Hirugarren Azala’ diskoa errepasatuz, bidean taldearen klasiko batzuk joz. Egon zen berrikuntza edo bitxikeriarik ere. Ruper Ordorikaren ‘Zaindu maite duzun hori’ moldatu zuten, maisuki.
Itziarren Semeak
Bitartean, eszenatoki atzeko gelan koadrozko alkandorak prestatzen zebiltzan Itziarren Semeak taldekoak. Arrasateko bandaren erritmo hautsien aurrean, doinu dantzagarri eta alaiak ekarri zituzten Mungiatik. Jaia eta aldarrikapena. Borroka deiak eta festa! Ska, rock, reegae eta patxanga! Taldea oso ibilia dagoela argi ikusten da. Udara emanaldiz betea izan dute, eta hori nabari da kantuak jotzeko garaian. Itziarren Semeak ere ekarri zuen bere oparia ospakizun festa honetara, bertsio moduan. Rip taldeak bere egindako ‘Mondra’ kantuaren moldaketa dantzagarria prestatu zuten, bertakoen gozamenerako.
Sermond’s
Tronpeta eta saxoak alde batera utzi, eta gitarrak zorroztu zituzten Sermond’s taldekoek. Desertuko kiratsa, antza, ez zen ikuslego guztien gustuko izan, aurreko ilaratan aldaketa nabaria suertatu zelarik. Holako festibal anitzetan sarri gertatzen dira halakoak. Ikuslego ezberdina biltzen da, eta bakoitzak bere gustuko doinuak ditu. Sermond’s taldearen musika proposamena ez da Itziarren Semeek eskaintzen duten bezain koloretsua, dantza egitetik, burua astintzera bideratzen direlarik erritmoak. Hala ere, askotan musika munduan erabiltzen den ‘gutxi baina fidelak’ leloari jarraiki, ikuslegoa sutsu aritu zen Durangaldeko bandaren kantuak abestuz, eta zergatik ez, dantzatuz.
Iheskide
Gaua amaitzeko, Iheskide taldearen txanda izan zen. Emanaldia hasi aurreko soinu txekeoan sumatu zen ikuslegoak festarako zuen gogoa. Lehen akordetik sekulako erantzuna izan zuen Elorrixoko bandak. Punkrock kantuak jorratzen ditu laukoteak, aldarrikapena nagusituz euren hitzetan. Hauek ere gitarrak zorrotz, bozgorailu bezala erabiltzen dute euren musika. Xaguk nahiko lan izan zituen boloa amaitzeko, urratutako ahotsak ez baitzion utzi nahi bezala abesten. Hala ere emanaldia bizia eskaini zuten, denbora gutxian esateko asko dutenek bezala. Aizkora bezain zorrotza eta sugea bezain azkarra izan zen Iheskideren emanaldia.
Borobila izan zen gaua. Ederra. Musika onaz, garagardo batzuekin lagunartean gozatzen diren horietakoa.
HIRUMILA ESKER…
Ezinbestean, eskerrak eman beharrean gaude musikazuzenean kolektiboa osatzen dugun guztiok. Kontzertu baten atzean dagoen lana handia da, eta eszenatokiko argi koloretsuetan ikusten denaren atzean, sekulako lana dago emanaldia aurrera atera ahal izateko. Musikaririk gabe ez dago kontzerturik. Hori jakina da! Baino lan egiteko jenderik gabe, ere ez. Beraz, gure esker ona emanaldi hau posible egin zuen bakoitzari. Bereziki kontzertu antolakuntzan erabat murgildu zen Igortzi, eta gaualdian parte hartu zuten lau musika taldeei: Itziarren Semeak, Anger, Sermond’s eta Iheskideri. Barran lanean aritu zen peña guztiari: Peru, Agoitz, Jokin, Asier, Andoni… Arratsetik soinu ekipoa paratu eta gau osoan zehar botoi artean aritu ziren Yago eta Dura teknikariei, argiekin ibili zen gaztea, sarreran egon ziren Igortz eta Olaia, afaria prestatu zutenak, gaztetxea garbitu zutenak, eta modu batera eta bestera, gure ospakizun xume hau, bere egin zuten lagun guztiei. Ezin ahantzi Iker Baxerri afitxa dotorea egin zuelako, eta Arrasateko peña guziari etxean bezala sentiarazi gintuztelako. Morras, Mikel, Iker (lanbatean etorri ez arren…) Iluntzeko goizkantariak….
Zuei esker garelako!. Rip-en kantuari kiñu eginez, zuen gisako lagunekin, gu ez garelako bakarrik izanen inoiz! We`ll Never Walk Alone!
Koldo Otamendi